XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Joan naiz, joan
Zaindari burukoa iritsi da
jantzi eder batean sarturik,
hartu nau eskuetan
etzan nau zaldian
eraman nau harrapaladan
mendi eta ibarretan gora
.

Landare txuriak ikusten ditut,
zeru beltz artean ikusi,
belar gardena,
hautsezko sustar,
enbor argi,
bizitz kolore.

Zeru urdin zabala...
hodei beltz batez zatitua.
Zoaz, alde, ospa hemendik!
Zatarra zara, iluna zara... tristea zara.
Alaitasunaren gidaria,
poz emailea,
zikindurik, narrazturik.

Iritsi naiz, kemena eskuetan,
beldurra atzean,
bizitzeko gogoz, berpizteko indarrez.
Hodei, zoaz, utz gaitzazu
zerua eta ni bat gaitezen.

Negarra dario nire gorputzari;
bera, ordea, barrezka;
ferekatzen nau,
besarkatzen dizkit masail zuriak.
Nirekin egotea nahi dut,
baina bera badoa.

Ezin dut gelditu, ezin dut heldu;
esku astunak, mugiezinak.
Zergatik?
Ezin dut ezer egin, mugitu eta hotzak naiz
Begiak itxi zaizkit,
eta ez dut ezer ikusten.